domingo, 10 de abril de 2016

GRACEY KURETAK: NOLAKOAK DIRA ETA NOLA ZORROZTU


Aupa lagunok!!!!
Gaurkoan Gracey kuretak nola zorroztu behar diren azaltzea erabaki dugu, alde batetik arraspatzeak era egokian egin ahal izateko kuretak zorrozten jakitea ezinbestekoa delako, eta beste alde batetik, honen inguruko euskarazko informazio gutxi dagoelako. Aipatzekoa da kuretak zorrozteko era ezberdinak daudela, baina guk sinpleena azalduko dizuegu. 
Ondorengo informazioa baliagarria eta erabilgarria izatea espero dugu :)


Hasteko Gracey kuretak zer diren azalduko dugu. Gracey kuretak erroen arraspatze eta leuntzea egiten denean erabiltzen diren instrumentuak dira; hau, ezinbestekoa da periodontitisaren tratamendurako.

Gracey kuretetan hiru zati bereiz ditzakegu:
  1. Heldulekua
  2. Zurtoin terminala: Goikoa, erdikoa eta behekoa
  3. Zati aktiboa: aurreko herena, erdiko herena eta atzeko herena. Zati aktiboan ere bereiz ditzakegu: gainazal faziala, ertz ebakitzailea, alboko gainazala eta azpialdeko gainazala.
 
Arraspatu nahi den zonaldearen arabera kureta desberdinak erabiltzen dira:
  • 1/2, 3/4 eta 5/6 kuretak aurreko hortzaginetako mihi eta masail aldeak, eta alde hurbil eta urrunetan erabiltzen dira.
  • 7/8 eta 9/10 kuretak atzeko hortzaginetako mihi eta masail aldeetan erabiltzen dira.
  • 11/12 eta 13/14 kuretak atzeko hortzaginetako alde hurbil eta urrunetan erabiltzen dira.




GRACEY KURETAK ZORROZTEKO PROZESUA


Kuretak zorrozteko materiala:
  • Gracey kuretak
  • zorrozteko harria
  • olioa
  • kono formako harria
  • ondo zorroztu dugula ziurtatzeko makila (boligrafoa)
    Kureta nola hartu:
    Hasteko, kureta ez menderatzailea den eskuarekin hartu behar dugu; ondoren, ukondoa mahai gainean ipiniko dugu eta besaurrea eta eskumuturra tinko mantenduko ditugu. Kureta esku ahurrarekin hartuko dugu; bigarren atzamarra goian geratzen den kuretaren muturraren kontra ipiniko dugu eta beste lau atzamarrekin eta esku ahurraren beheko partearekin kureta eutsiko dugu.Horrela, zorrozten dugun bitartean, kureta tinko mantentzea eta ez mugitzea lortuko dugu.




    Harria nola hartu eta nola kokatu:
    Eskuina izanda, harria eskuinarekin hartu behar da. Hau bertikalki ipini eta hatz lodia gure alde hurbilean kokatu behar dugu (gainerakoak alde urrunerantz). Besoaren mugimendua konstantea eta goitik beherakoa izan behar da.

    Zorroztearen prozesua:

    Kureta bakoitzak bi zenbaki ditu: bata bikoitia eta bestea bakoitia. Eskuina bazara eta kureta zenbaki bakoitiaren norazkoan kokatzen baduzu, honen zati aktiboa behera eta zuri begira koktu behar duzu. Berriz, zenbaki bikoitiaren norazkoan kokatzen baduzu, honen zati aktiboa beherantza eta zure kontrako zentzuan kokatu behar duzu. Horrela, bi kasuetan kuretaren ertz ebakitzailea eskuin aldean egongo da.


    Zurtoin terminala beti erlojuaren 12etan kokatu, eta gero, 11etara desbideratuko dugu. Harria ere, lehenengo 12etan kokatu, eta gero, 1etara desbideratuko dugu,
    Olioa harria lubrifikatzeko erabiltzen da, eta ondo lubrifikatzeko, harriaren gainean hiru olio tanta bota behar dira.
    Zorrozteko, lehenengo atzeko herenetik hasiko gara, gero erdiko herena zorroztuko dugu, eta azkenik, aurreko herena.



    Ezkerren kasuan, kureta eskuinarekin hartu behar da eta horrela ertz ebakitzailea beti ezker aldean egongo da. Zorrozterako orduan, zurtoin terminala lehenengo 12etan kokatu eta gero 1etara desbideratu behar da, eta harria berriz, lehenengo 12etan kokatu eta gero, 11etara desbideratu behar da.

    Kuretaren punta borobildu:
    Kuretaren zati aktiboaren beheko gainazala borobiltzeko, zurtoin terminala 12etan egon behar da eta zati aktiboa 3etara begira. Instrumentuaren gainazala mahaiarekiko paralelo egon behar da. Harria horizontalki  lehenengo 3etara begira kokatu,eta gero 2etara desbideratu behar da. Harriaren mugimendua konstantea izan behar da eta forma biribila lortzeko, punta biratuz joan behar da.

    Pilatutako sedimentuak kendu eta harria gaza batekin garbitu behar da.









    Azkenik, zati aktiboaren gainazal faziala ere borobiltzeko, kono formako harria erabiliko dugu atzetik aurrerako mugimenduan.




    Ezkerren kasuan, puntaren beheko gainzala borobiltzeko, zurtoin terminala 12etan kokatu behar dute eta kuretaren punta berriz,  9etara begira egon behar da. Harria horizkontalki, lehenengo 9etara begira kokatu behar da eta gero, 10etara desplazatu behar da.

    Konprobazioa:
    Konprobazioa egiteko makila (edo boligrafo bat) hartuko dugu. Ondoren, zurtoin terminala makilarekiko paralelo jarriko dugu eta ertz ebakitzailea makilaren kontra eragingo dugu. Arraspatzen badu, zorroztearen prozesua ondo egin dugula esan nahi du.



    Hona hemen honi buruzko bi bideotxo. Bata gazteleraz dago eta bestea ingelesez. Bideo laburrean (gaztelerazkoan) ez da agertzen kuretaren zati aktiboa edo punta nola borobildu behar den, baina bideo luzean berriz, agertzen da (ingelesez dagoena).















    No hay comentarios:

    Publicar un comentario